Kultura baliabide nabarmenak - Arkeologia interesguneak
Arkeologia interesguneak
Artxandako mendigune txikian, zenbait trikuharri eta tumulu daude Ganguren eta Avril mendien artean, Bilboko historiaurreko iraganaren aztarna argien adierazgarri. 1994. urtean, hain zuzen ere, ondasun kultural izendatu zituen Eusko Jaurlaritzak.
Trikuharriak hileta-monumentuak dira, eta ganbera zein tumulua dituzte osagai. Ganbera egitura nagusia da, lurzoruan iltzatutako harri handiak ditu inguruan eta gorpua gordetzen zen bertan. Tumulua, ordea, ganbera hori estaltzen duten harriek eta lurrak osatutako multzoa da.
Zenbait ehorzketa-leku daude inguruan. Lehenengoa bidearen ezkerraldean dago Avril mendiaren inguruan, eta Gaztelukolandako trikuharria da. Hirumugarrietako I., II. eta III. dolmenak, ostera, bidearen eskuinaldean daude, Avril menditik Gangurenerantz goazela. Era berean, bosgarren tumulua ere badago, Ganguren inguruko Axpuruko tumulua, alegia.
Trikuharriak ikustera goazenean, harriz eta lurrez osatutako metak bilatu beharko ditugu. Dena dela, baliteke aurkikuntza deigarriegia edo ikusgarriegia ez izatea. Beraz, trikuharriak bisitatzean, irudimena izan beharko dugu bidelagun, kanpoko tumuluaren ikuspegia osatu ahal izateko.
Tumuluetan egindako indusketetan ateratako materialen artean, honako hauexek nabarmentzen dira: gezi-puntak, arraspak, kolpekariak, aizkorak eta idunekoen aleak.
Inguruan aurkitutako lehenengo trikuharria Hirumugarrietako I.a izan zen, eta, 1966. urtean aurkitu zuen José Sarachagak. Hala ere, 1988. urtera arte ez ziren industen hasi. Aurkitu zuenean, erabat eraldatuta zegoen inguruko basoa berrituta zegoelako eta eremu hori bataila-gunea izan zelako gerra karlistetan zein gerra zibilean. Indusi ostean, berreraiki egin zen, monumentuaren egitura guztiak miretsi ahal izateko.
Inguru horretara iristeko, Egirletako errepidea hartuko dugu “Merendero León” jatetxearen parean, eta Bilboko GRtik jarraituko dugu Avril eta Ganguren mendietarantz.
Bilbao
GARRAIO PUBLIKOA
Autobusa: Bizkaibus: A3224 (Oilarra) eta A3216 (Artxanda).
Artxandako funikularra: funikularreko geltokitik, Bilboko GRren seinaleak jarraituko ditugu Avril eta Ganguren mendietarantz, trikuharrietara iritsi ahal izateko.
ERREPIDETIK
Bilbotik joateko, Iturritxualdeko atsedenlekuko aparkalekuraino helduko gara, Monte Avril bideko errepidean dagoen “Merendero León” jatetxearen albora. Bertara iristeko, Otxarkoagatik, Begoñatik edo Artxandatik joan ahal izango gara. Begoñatik joanez gero, Zabalbide kalea hartuko dugu; Otxarkoagatik, BI-631 errepidea, Arbolantzako errepideraino; eta, Artxandatik, Enekuri-Artxanda errepidea, lehenengo; eta Artxanda-Egirleta errepidea, ondoren.
Eusko Ikaskuntza. Artxandako estazio megalitikoa (387,07 KB)