Aldundiaren Logoa

Foru Aldundia - Diputación Foral

Harremana

Bizkaia 21

Bizkaia21 logotipoa

Gongedako hariztia

Naturagune nabarmenak - Baso autokotonoak eta garrantzi bereziko zuhaitzak

Baso autoktonoak

Gongedako ingurunean, ehun urtetik gorako harizti motza dago kokatuta kortabasoaren eta Gongeda errekaren sorlekuaren alboan. Harizti hau Quercus generoko espezieetako mozketa-jardueraren lekukotasun bakarra izango litzateke Bilboaldean; eta bakarrenetakoa, Bizkaian bertan (esate baterako, horrelako batzuk daude Arratzun, Karrantzan eta Orozkon). 

Badirudi luzaroan zuhaizti horiek dehesak izan zirela eta bertako bizilagunek artaldeentzako bazkaleku moduan erabiltzen zituztela. Horrez gain, erabilera zehatzetarako egurra eta zura ere lortzen zituzten zuhaitz horietatik. Dehesen egitura zutenez, bi erabilerak bateratu zitzaketen bertan: abeltzaintza eta basogintza. XX. mendearen erdialdean egurretarako baso-ustiapena bertan behera utzi zutenean, zuhaizti motz horiek apurka-apurka desagertu ziren. Hartara, zuhaitzak ez inaustean, lehen mozten zituzten adarrak hazi egin dira, eta pisu-banaketa berria sortu da. Hori dela eta, askoz ere zuhaitz ezegonkorragoak dira elurteak edo haizete handiak daudenean. Nolanahi ere, abeltzaintzak bere horretan iraun duenez, lur-sail horiek ezer gutxi biziberritu dira modu naturalean edo ezer ere ez.

Bestetik, haritz zahar horiek hegazti bitxiak erakartzen dituzte; pizidoak, esaterako. Era berean, egur hila ere badagoela esan beharra dago (hau da, zutik edo lurzoruan dirauten Quercus generoko aleak). Izan ere, intsektu saproxiliko ugariren habitata dira.

Horrez gain, Gongeda errekako iturburuan, istildutako zenbait gune mailakatu ere badaudenez, zenbait narrasti eta anfibio espezie ugaltzen dira bertan. Gainera, balio naturalistiko handiko landare-komunitate hidrofiloak garatzen dira ingurunean, eta badirudi Woodwardia radicans iratze paleotropikala dagoela bertan.
 

Lekupena

Alonsotegi

Datu interesgarriak

Alonsotegiko udaletxetik irten eta PR-BI 100 mendiko ibilbidean zehar joan hala izango gara Gongedako basora. Horretarako, ezkerretara dagoen errepidea hartuko dugu Azordoiaga auzorantz joateko.

GARRAIO PUBLIKOA
Autobusa: Bizkaibuseko zenbait linea: A3342, A3343 eta A3341.

Trena: Feveko Irauregi geltokia (Alonsotegi), Bilbao-Balmaseda, Bilbao-Santader eta Bilbao-Leon lineak.

ERREPIDETIK
A-8 autopistatik jo eta Balmasedan irtengo gara. Gero, BI-636 errepidea hartu eta handik gutxira utziko dugu Alonsotegi/Zorrotzako irteeran.

Erantsitako agiriak

Bizkaiko Basoak. Aritza (314,96 KB)

Materiala eta estekarak

Gora