Aldundiaren Logoa

Foru Aldundia - Diputación Foral

Harremana

Bizkaia 21

Bizkaia21 logotipoa

Bolueko hezegunea

Ingurumen-Eragina eta Lehengoratzea

Ingurumen-Eragina eta Lehengoratzea

Bolue Euskadiko barnealdeko hezeguneetako lezkadi garrantzitsua da. Landaredi aberatsa dauka eta ehun espezie baino gehiago ditu, horietako batzuk galtzeko arriskuan. Ibai honek Gobelarekin bat egiten duen lekuan dago, Getxon. Bi ibaiak ia itsasoaren mailan daude, eta Fadurako (etimologikoki padura gunea) zelaietan zabaltzen ziren, horiek urpean hartu eta zingira sortuz. Apurka-apurka padura bilakatzen zen, Ibaizaleko estuariora heldu arte. Eremurik zabalena Areetako gaur egungo hirigunean zegoen eta Avanzada-ko haitzak banatzen zuen Abrako badiatik. Lur hauek drainatu, ibaia bideratu eta lehortu egin zituzten. Gero, Lamiako parean, ibai-aho berria egin zuten, Udondo inguruan; beraz, egungo Bolue Fadurako hezegune hondarren lekukoa baino ez da, eta egun itsas mareen eraginik ez duenez, ur gezaz beteta gelditu da.

Oso interesgarria da lezkadiak hartzen duen eremu zabala eta ubideko ur gainean eusten diren hostodun fanerogamoen estaldura, Lemna eta Potamogeton espezieena, hain zuzen. Ubide txikietan urpeko fanerogamoak hazten dira, esaterako Myrophyllum spicatum espeziea. Ur-emari gutxiko aldietan eta uraren azalera makrofitoz beteta dagoenean, hondoa anoxikoa izaten da (ia oxigenorik gabea), eta makroornogabeen komunitatea (uretako intsektuak) murriztu egiten da. Alde honetan ibaiko plankton komunitatea garatzen da (potamoplanktona).

Ibaiertzak oso aldatuta daude, han-hemenka sahats eta akaziaren bat, oso ugaria den landaretza nitrofiloa. Hortik gertu, Getxora sartzeko bide azkarra eraiki dute.

Udalak jatorri artifizialeko hezegune hau zaintzen lagundu du. Getxo urez hornitzeko urtegi zahar baten gainean sortu zen, Bolueko ibarraren amaieran, Gobela ibaiaren eta Larrañazubi errekastoaren bilgunean. Urtegia ibarretik zetorren hareaz eta lohiz bete ahala, landaredia bertan finkatzen hasi zen. Horregatik, ingurune urtarraren eta lehortarraren arteko trantsizio gunetzat hartzen da, eta horrek aniztasun biologikoa ahalbidetzen du.

Prozesu luze honen azken helburua hauxe da: naturgune berezi honetako flora eta fauna babestu eta mantentzea, horren kalitatea areagotzea, natura-ondarearen ezagutza ahalbidetzea eta bisitariek gune hori erabili eta gozatzea.

Lehengoratze-lan horiek hiru fasetan egin ziren.
 

  • Lehenengo fasean, hezegunearen sarreran zegoen ura ponpatzeko etxola zaharreko urbanizazioa birgaitu zen; guztira 10 hektarea. Horrela, eraikinaren egoera hobetu, erabilera areagotu eta ondoan dagoen ingurumen-gelarekin bateragarri egin zen.
  • Bigarren fasean, Larrañazubi errekaren hondoak garbitu ziren lur-pilaketak uretako bizia eragozten zuen tokietan, eta inguru horretako landaredia berreskuratu zen. Horretarako, Bizkaiko hainbat zuhaitz, zuhaixka eta landare autoktono landatu ziren.
  • Hirugarren fasean, hezeguneko bi urmael nagusietan hiru behatoki edo begiratoki prestatu ziren, bertako fauna behatu ahal izateko.

Hezeguneek oinarrizko eginkizuna betetzen dute naturaren zikloetan; izan ere, janaria eta babeslekua ematen dizkie hainbat animaliari, baita hezeguneetan ohikoak diren landare eta zuhaitz askori ere. Hona hemen uretako landare heliofilorik adierazgarrienak: lezka, ezpata-belarra, ihia, ostargi-belar horia eta xipa-belarra. Ur gaineko landareen artean, dilista eta uretako buruxka. Zurezko landareei dagokienez, galeriako basoa garatu da, eta bertan, haltzak, sahatsak eta lizarrak nahiko ugariak dira. Zingirako landare hauek guztiek giro berezia sortzen dute, eta habitat egokia da urtaroen arabera aldatzen den animalien komunitate ugari baterako.

Bolueko hezegunearen irudia

Oharrak

Errepidez: Larrañazubi kalea, Errotaetxeko Santa Kolunbara baselizaraino (Algorta).

Erantsitako agiriak

Materiala eta estekarak

Gora