Animación descriptiva del proceso de depuración de aguas residuales en Galindo.
1.pantaila
GALINDOKO HONDAKIN UREN ARAZTEGIA
“Nonbait ezkutuan ur-putzuren bat egoteak egiten du eder basamortua”
Antoine de Saint-Exupery
2. pantaila
Aurkezpena
Galindoko hondakin-uren araztegia da Bilbo Handiko “Saneamendu Plan Integralaren” giltzarria. Izan ere, hortxe arazten dira Bizkaiko biztanleen %80ren hondakin urak.
Horrelako araztegi baten zeregina ura garbi itzultzea da, lehenik ibaira eta gero itsasora.
Araztegi hori bi fasetan eraiki da; lehenengoa 1990ean amaitu zen eta lehen mailako tratamendua ematen zitzaien urei. Gero, handitu egin zen araztegia (2001 urtea); fase horretan, lehen mailako dekantagailu gehiago jarri ziren, tratamendu biologikoa ezarri eta lohiak tratatzeko sistemaren gaitasuna areagotu zen.
Etxeetan, industrian edo merkataritzan erabilitako urak hodi biltzaileetan batu eta araztegiraino bideratzen dira. Hodi horien diametroa 0,50 eta 3,00 metro bitartekoa da eta 505 km-ko sarea osatzen dute. Hauek dira hodi nagusiak:
Nerbioi-Ibaizabal hodia: Usansolotik (Galdakao) Sestaoraino doa eta bidean dauden herri eta hiri guztietako hondakin-urak hartzen ditu: Galdakao, Basauri,Etxebarri, Bilbo , Barakaldo...
Portuko, Granadako eta Ballontiko hodiak, Santurtzi, Portugalete, Sestao eta Trapagaraneko urak hartzen dituztenak.
Gobelako hodia, eskuin aldeko hondakin-urak eramaten dituena (Sopela, Berango, Leioa eta Erandioko zati bat).
3. pantaila
1. SARRERA
Hodiek bildutako ura araztegiko bi putzu simetrikotara heltzen da; batean, ibar ezker osoko ura biltzen da (Basauri, Etxebarri, Bilbo, Barakaldo, Trapaga eta Ortuella), eta bestean, ibar ezkerreko gainerako herrietakoa eta eskuinaldeko herrietakoa (Sestao, Santurtzi, Portugalete eta Lamiakotik ponpatzen dena).
Araztegira datorren ura oso sakonera handian dator (20 metro inguru); horren arrazoia da hodi biltzaileen malda kilometro bakoitzeko metro betekoa dela; horrela, Galindora heltzen den ura grabitatez dator, ponpaketarik gabe.
Lehenengo eta behin, ura ponpatu egin behar da gora igotzeko. Sarrerako putzua eta ponpaketaren artean iragazki bat dago, hau da, 8 cm-ko tarteak dituen burdin sare bat; sare horrek ez die sartzen uzten estoldetara jausi diren objektuei (ur botilak, adreiluak eta abar), ponpaketa-mekanismoa trabatuko bailukete. Hondakin horiek ateratzeko, orrazi garbitzaileak deitzen zaienak erabiltzen dira; hau da, putzuaren hondoraino sartzen diren eskuare moduko batzuk, gorantz datozenean hondakin guztiak bildu eta edukiontzi batzuetan uzten dituztenak; gero, zabortegietara eramaten dira.
4. pantaila
2. AURRETRATAMENDUA
Gero, ura gordailu biribil batera doa eta bahe batzuetatik
pasatzen da; burdin sare horiek 1 cm-ko tartea dute (iragazki xehea). Hor gelditzen diren hondakinak torloju amaigabe baten bidez ateratzen dira; prentsatu eta gero, edukiontzietara bota eta zabortegietara eramaten dira.
Orain ura 4 gordailutara pasatzen da eta, hor, koipea eta harea kentzen zaie. Gordailu horietan, azpitik haizea emateko mekanismo bat dago; haizeak ur gainera ateratzen ditu koipeak eta, horrela, kendu egin daitezke (platerak garbitzeko eta dutxako xaboiaren koipeak izaten dira).
Bestalde, urak dakarren harea hondoan gelditzen da eta harea eta ura xurgatzen duten hodi batzuen bidez ateratzen da; nahaste hori gordailuei atxikitako kanal batzuetatik doa harea sailkatzeko toki batzuetara; hor, ura eta harea bereiztu eta material inerteen zabortegira eramaten da.
Harea hori euri-urak estoldetara isurtzen dituen materialetatik dator (zementua, hormigoia, asfaltoa...).
5. pantaila
3. LEHEN MAILAKO DEKANTAZIOA
Kanal baten bidez, ura angeluzuzeneko 14 dekantazio-askatara banatzen da (Lehen mailako dekantazioa) eta hor bereizten dira suspentsioan dauden solidoak. Ura dekantazio-askaren alde batetik sartu eta gainezka egiten du bestetik; horrela, urak dauzkan solidoen %75 inguru eta materia organikoaren %50 kentzen zaio.
6. pantaila
4. TRATAMENDU BIOLOGIKOA
Lehen mailako dekantaziotik datorren ura ponpatu eta aireztatzeko upa batzuetara eramaten da tratamendu biologikoa egiteko. Hemen masa marroi bat ikusten da, uretako materia organikoa “jaten” duten bakterioz osatutako lohia. Lohi hori 20 ordu egoten da mikroorganismoekin kontaktuan. Mikroorganismo horietako batzuk anoxia egoeran garatzen dira eta beste batzuk, aldiz, aireztatzen diren guneetan; azken horiek dira materia organikoa degradatzen dutenak.
7. pantaila
5. BIGARREN MAILAKO DEKANTAZIOA
Solidoak bigarren mailako dekantazioan bereizten dira uretatik; lohia hondora doa eta ur garbiak gainezka egiten du. Gero, ur hori Ballonti ibaira isuriko da. Hondoan gelditzen den lohia xurgatuz ateratzen da eta zati bat tratamendu biologikoa egiten den asketara itzultzen da, kutsadura kentzen duten bakterioak baititu. Soberakina (eguneko 10 tona inguru) atera eta tratamendu berezia ematen zaio.
8. pantaila
6. LOHIEN TRATAMENDUA
Tratamendu biologikotik gelditzen den lohi aktibatua flotazioz loditzen da, hau da, ura eta lohia gordailu batera bota eta airea sartzen zaio azpitik; horrela, lohia ur gainera dator eta ura kendu eta berriro arazte-prozesuan sartzen da. Ur gainean gelditzen den lohia arraspa batzuekin bildu eta zirrikitu batzuetatik isurtzen da hurrengo gordailuraino.
Lehen mailako dekantazio-asketatik ateratako lohia loditzaileetan kontzentratzen da; eta ur gainera ateratako lohiarekin nahastu ondoren, gordailu indargetzaileetan biltzen da.
Azkenik, prentsa-iragazkietara heltzen da; iragazki horiek metalezko egitura batzuk dira, oihalez estalitako plaka batzuk dituztenak zintzilik; lohia plaka horien artean geratzen da eta ur soberakina drainatze-zulo batzuetatik irteten da.
Prentsatzea amaitu ondoren, lohi-opilak tobera batera jausten da, eta hor dauden amaigabeko torloju batzuen bidez, lohi deshidratatua biltegiko siloetara ponpatzen da
9. pantaila
7. LOHIEN BALORAZIOA
Lohi hori siloetatik ponpatu eta labe batzuetara doa eta han gutxi gorabehera 900 ºC-tan erretzen da. Errekuntza-gasen beroak lurruna sortzen du 400ºC-tan, eta horrekin bi turbina mugiarazten dira (labe bakoitzeko bat); horiek sortutako energia elektrikoa plantan bertan kontsumitzen da.
Errekuntza-gasek hiru arazketa-fase pasatzen dituzte: partikulen ezabapena elektrofiltro batean; konposatu azidoen ezabapena sodaz garbituta; eta metalen ezabapena mahuka-iragazkien bidez.
Ateratzen den errautsa zementu-fabrikara eramaten da lehengai gisa erabiltzeko.
10. pantaila
8. HIRUGARREN MAILAKO TRATAMENDUA
Hirugarren fase honetan iragazitako ura berriz iragazten eta esterilizatzen da; horrela, lorategiak ureztatzeko, kaleak garbitzeko eta abarretarako berrerabili daiteke. Tratamendu aurreratu horri esker, 2 NTU-ko kontzentrazioak ere ezabatu daitezke.
11. pantaila
9. IRTEERAKO OBRA
Ballonti ibaira botatzen den ura fabrika-obrako isurbide batek bideratzen du; isurbide horrek kontrolatzen du ibilgura doan uraren abiadura.