Zabalgarbin egiten den Hiri-hondakinen balioztapen energetikoari buruzko azalpen bideoa
Zabalgarbi Elkarte Anonimoa 1993an sortu zen, helburu honekin: efizientzia handiko bi instalazio eraikitzea hiri-hondakinen balioztapen energetikoaren bidez energia elektrikoa sortzeko, ingurugiroa zaintzeko araurik zorrotzenak betez; era horretan Bizkaiko hiri-hondakinen kudeaketa-sistema osatua zegoen.
Diseinu berria onartu zen, eta prozesu industrial berria: Zabalgarbi Sistema edo Sener Sistema.
ZABALGARBI
Beste pauso bat hiri-hondakinen balioztapen energetikoan
Zabalgarbik 5 hektareako azalera hartzen du, Artigasen dago Bilboko udalerrian, Artigasko Plan Bereziak araupetzen du. 2004ko apirilaren 19an abian bota zuten balioztapen energetikorako lehenengo planta.
Prozesu industriala kamioiak hondakinekin heltzen direnean hasten da. Baskulako kontrola egin ondoren, hustuketa gunera doaz, han berezko sakonunean egindako aska batera uzten dituzte hondakinak. Hiri-hondakinak askan nahastu eta gero, olagarro garabiek hartu eta labeak betetzeko toberetan jartzen dituzte.
Airea xurgatzeko sistemari esker hondakinek botatako kiratsa ez da plantatik kanpora irteten. Horrela, xurgatutako airea errekuntzarako oxigenoa emateko erabiltzen da.
Hondakinak parrila lerrakorrean errausten dira 850etik gorako tenperaturan, hondakinek ekarritako dioxinak eta furanoak desegiteko. Aldi berean, nitrogeno oxidoen erredukzioa egiten da amoniako disoluzioa injektatuz.
Euren bideari jarraituz, gasak hurrengo xurgapen-dorretik igarotzen dira, han kare-esnea injektatuz azidotasuna neutralizatzen zaie. Ikatz-aktibatu mikronizatua ere injektatzen da metal astunak xurgatzeko eta aurre-neurri moduan dioxina edo furano molekularen bat sortu ez dadin.
Ondoren, gas-korronteak daramatzan partikulak batu eta kentzeko beste neutralizazio eta garbiketa bat egiten da mahuka-iragazkietan. Azken barrera hau gaindituta eta ingurumen eragina txikiagoa izan dadin, ke araztuaren %20 birzirkulatu eta berriro erabiltzen da errekuntzarako aire sekundariotzat. Gainerako gas araztuak eguratsera igortzen dira tximiniatik.
Etengabeko monitorizazio sistemaren bidez, bai Zabalgarbik eta bai ingurugiro-agintaritzak, Eusko Jaurlaritzak, zuzenean kontrolatzen dituzte instalazioko emisio guztiak, denbora errealeko konexioaren bidez analizagailuekin eta tximinian egin ohi diren aldizkako laginketekin.
Planta abian jarri zenetik igorpenak beti egon dira ingurugiro-arautegiek jarritako mugen azpitik. Tximiniako kontrolez gain, inguruan gertatzen den inmisioaren jarraipena egiten da. Aire kalitatearen kontrola hiru kabinatan egiten da; bat Arraitz mendian dago, beste bat Alonsotegin eta hirugarrena Kastrexanan, Barakaldon. Gainera, aldizka laginketak egiten dira plantaren inguruko lurra, landaredia eta azaleko urak kontrolatzeko.
Zaborrak eman dezakeen energia guztia atera ondoren, azpiproduktu solidoa zepa eta errautsa dira. Zeparen osagaiak material geldoak dira, agregakintzat erabiltzen dira obra zibil eta publikoetan, eta txatarrak. Burdin-txatarrak enpresa siderurgikoetan balioztatzen dira. Errautsetan ez da aurkitu ezaugarri kaltegarririk, toxikorik ez mutagenorik; hala ere, tanga-ibilgailuetan garraiatzen dira kudeatzaile baimendunak inertizatu eta zabortegira botatzeko. Balioztapen energetikoaren elektrizitate produkzioaren eta ingurumen-kudeaketaren prozesu guztia gela bakar batetik kontrolatzen da. Pantaila interaktiboei esker, errazagoa da informazio jarraitua zaborraren errekuntzarena, gasen arazketarena, gas turbinarena eta lurrun turbinarena.
Zabalgarbiren lehenengo plantako elektrizitate produkzioa, errendimendu betean –A moduan- 730etik 760 milioi kilowatt-ordukoa da urtean. Elektrizitate produkzio altu hau lortzeko prozesu industrial bakar batean integratu dira, hartarako moldatuta, hiri-hondakinen balioztapenerako instalazio modernoetako teknologia eta ziklo bateratuko zentralena.
Balioztapen energetikorako Zabalgarbi Sisteman galdaran egindako lurrun-aseak 310ºC-ko tenperatura dauka eta 100 bareko presioa. Gas turbinako ihes-gasen beroarekin galdarako gasa gainberotu egiten da berreskuratze-galdaran. 540ko tenperatura eta 100 bareko presioa hartzen ditu, erregai konbentzionalen ziklo bateratuko zentraletan hartzen duen antzekoa.
Zabalgarbiko instalazioan turbu-sorgailua elikatzen duen lurrun-aseak hiri-hondakinen balioztapen energetikorako beste instalazio moderno batzutan baino tenperatura eta presio altuagoa ditu. Horregatik, Zabalgarbiko elektrizitate sorkuntza handiagoa da, baita errendimendu energetikoa ere. Era berean, efizientzia energetikoa altuagoa da, energia primario gehiago aurrezten da eta galdararen korrosio arriskua txikiagoa da. Abantaila horiei esker, Zabalgarbik CO2 gutxiago igortzen du sortutako kilowatt-ordu bakoitzeko eta ingurumen-eragina ere txikiagoa da sortutako kilowatt-ordu bakoitzeko.
Balorizazio prozesu industrialean Zabalgarbik gutxi gorabehera hondakinen eduki energetiko eta materialaren %95a berreskuratuko du. Gehiena balioztapen energetikoaren prozesuan energia elektriko bihurtzen delako eta gainerakoa burdin-txatarrak birziklatu eta zepa berriro erabiltzen delako.
Zabalgarbiren instalazioan bat egiten dute bi helburuk: energia berriztagarrien sustapenak eta ingurumenaren babesak. Garapen iraunkorrari laguntzen dio; klima-aldaketaren kontra egiten du CO2aren igorpena urriagoa delako sortutako kilowatt-ordu bakoitzeko.
Erregai fosilen erabilpena txikiagotu eta elektrizitate-produkzio altua lortzen du, hiri-hondakinak eta gas naturala erabiliz ziklo bateratu bakarrean.