Kontzeptu hori 1987an formulatu zen lehen aldiz, Nazio Batuen Erakundearen (NBE) Ingurumen eta Garapenerako Mundu Batzordeak prestatutako dokumentu batean, "Gure Etorkizun Komuna" izenburupean (Brundtland txostena ere deitzen zaio); txosten hartan honela azaltzen zen iraunkortasuna: "oraingo beharrak asetzea etorkizuneko belaunaldiek berenak asetzeko duten gaitasuna arriskuan jarri gabe". Definizio hori osatu egin zen geroago, Nazio Batuen Ingurumen Programak (PNUMA) eta Naturaren Mundu Foroak (1991) egindako ekarpenaren bidez; honela zegoen enuntziatua: "garapen iraunkorrak berekin dakar bizi-kalitatea hobetzea ekosistemen mugetan".
Garapen iraunkorra delako kontzeptua ez dagokio ingurumen arloari bakarrik. Izan ere, 4 ardatz edo zutabe hartzen ditu bere baitan: ingurumena, gizartea, ekonomia eta kultura. Horren arabera, helburua da planetaren garapen harmonikoa lortzea: ingurumenaren ikuspuntutik iraunkorra, gizartearen ikuspegitik zuzena eta ekonomiaren aldetik bideragarria, betiere kultur aniztasuna errespetatuz.
1992an Río de Janeiron egin zen Ingurumenari eta Garapenari buruzko Nazio Batuen Batzarrak, "Lurrari buruzko Goi Bilera" ere deitzen zaionak, garrantzi politikoa eman zion "garapen iraunkorra" terminoari. Batzar hartan lehen aldiz onartu zen, nazioarteko maila emanez, estrategia globalerako oinarrizko dokumentu bat: Programa 21 delakoa, ingurumen politika egituratua eta globala, gaur egun planetan dauden biztanleak ez ezik etorkizuneko belaunaldiak ere kontuan hartzen dituena, eta programa horren garapenean eginkizun erabakigarria dute tokiko erakundeek edo eskualdekoek.
"Garapen iraunkorra" kontzeptuak lotura egiteko aukera eman zuen ingurumen babesaren eta garapen orokorraren artean. Aldi berean, garapen iraunkorra ez da mugatzen ikusmolde lauso edo adierazpen huts batera; izan ere, ingurumen ikuspegiaren eta ikuspegi sozial, ekonomiko eta kulturalaren arteko elkarreraginak integratutako ekintza-plan multzo bat ekar dezake emaitza gisa. Plan horiek adierazleak dituzte oinarri, eta horiek erakutsiko dute zenbaterainoko integrazio-maila duen erakunde batek bere gizarte-inguruarekin eta ingurumenarekin, baita bideragarritasun ekonomikoarekin ere.
Argiago esanda: garapen iraunkorra da gaur egungo gizateriaren ongizate iraunkorra bermatu dezakeen bakarra. Bistan dago, beraz, garapen iraunkorraren lau ikuspegi edo zutabe horietako batek huts egiten badu, hazkunde harmonikoa ezin gauzatuzko utopia bihurtzen dela.
Plangintza-tresna hau borondatezkoa da eta "Rioko Batzarrean" (1992) sortutako "Programa 21" delakotik etorri zen. Iraunkortasunaren printzipioak ezarri nahi ditu, tokiko mailan garatu beharreko ingurumen politikak, sozialak, ekonomikoak eta kulturalak bilduko dituen plan estrategiko bat zehaztuz, betiere ikuspegi globala ahaztu gabe ("globalki pentsatu, tokian jardun").
Plan Estrategiko hori sortzeko, ardura politikoa eta teknikoa duten pertsonek, tartean dauden eragileek eta herritarrek parte hartu eta gogoeta bateratua egin behar dute. Izan ere, erantzukizun partekatua eta lankidetza oinarrizko printzipioak dira tokiko mailan garapen estrategia iraunkorrak ezartzeko.
Tokiko Agenda 21 horren baitan dauden prozesuak gauzatzeko, Ekintza Plan bat abiarazten da giza ingurunean garapen iraunkorra ezartzea lortzeko.