Naturagune nabarmenak - Gailur nabarmenak
Gailur nabarmenak
257 metroko altuera duen mendi txikia da. Bere altuera handia ez bada ere, mendigune txiki honi esker, ikusmira zoragarriez gozatu ahal izango dugu: Jata mendia; Gorlizko kostaldeko mendiak eta itsasargia; Urduliz, Sopelana, Berango zein Getxoko udalerriak; itsasadarreko ezkerraldeko mendi ugari (Luzero lurmuturra, Serantes, Trianoko mendiak…).
Gailurreria horretan, 7 monumentu megalitikoek eta atari zabaleko kokalekuek osatutako multzoa dago ikusgai, Munarrikolanda mendilerroan zehar (Berango-Sopelana).
Bestetik, Bilboko Burdin Hesiaren aztarnak ere badaude Munarrikolandako gailurrean. Lehen Eusko Jaurlaritzak sortutako babes-lerro militarra zen, eta Bilbo zein inguruak defendatzea zeukan helburu.
Trikuharrien ibilbidetik joanez gero, Munarrikolandako sarbide nagusiak Sopelanan eta Berangon egongo dira. Sopelanatik joateko, hilobi historikoen ibilbidea hartuko dugu (5 km). Horretarako, Urko kiroldegitik irtengo gara Mendibeko estratan zehar, eta gailurreria horrekin bat egingo dugu Goierrin. Aurrera jarraituko dugu, harik eta Munarrikolandako bunkerrera iritsi arte, eta Pozozabalen amaituko dugu (Erandioko udalerria). Ibilbide hori bizikletaz ere egin ahal izango dugu.
Berangotik, mendigune txikira iristeko orduan, industrialdetik irtetea izango da egokiena. Hasieran asfaltatuta dagoen mendi-bidea hartuko dugu Infernuetaraino. Mendigune txikia zeharkatzeko, bidezidor nabarienetik jarraituko dugu Munarrikolandako bunkerreraino, eta Pozozabalen amaituko dugu ibilbidea (Erandioko udalerria).
Landaretzari dagokionez, Munarrikolandako mendilerroan mendebalderago kokatutako Infernueta edo Aranburu mendian, Berangoko Udaleko lur-zati txikian, zenbait zuhaitz-espezie landatu eta euren loraketari, fruituei zein erabilerei buruzko informazioa jarri da: haritza, urkia, hurritza, lizarra, astigarra, haltza, artea, ereinotza, gorostia eta ihia. Era berean, eite handiko zenbait eukalipto ere utzi dituzte lur-zatian, espezie hori mendigune txiki osoan zehar agertzen delako eukalipto-sail handietan. Mendigune txiki honetako magaletan ere, Sustatxan bertan (Berango), gurbitzen basotxoa ere badago harizti azidofiloaren orbanekin nahastuta.
Berango, Sopela
GARRAIO PUBLIKOA
Autobusa: Bizkaibuseko zenbait linea. A-3531. Sopelana-Mungia-Gatika. Gatzarriñeko geltokia, Larrabasterrako metroaren ondoan.
A-3451. Areeta-Armintza. Urgitxietako geltokia. Urko kiroldegitik metro gutxira.
Metroa: Larrabasterrako geltokia. Urgitxieta kalerantz irten eta kiroldegiraino joango gara.
ERREPIDETIK
Bilbotik joateko, BI-637 errepidea hartuko dugu lehenengo; eta, ondoren, BI-634 errepidea, harik eta Sopelanara iritsi arte. Errepide hori utzi eta udalerrian sartuko gara Arabetan zehar, eta metroko trenbidearen gainetik pasatuko gara.